Hausnarketa egiteko deia
COVID 19ak hala eraginda bizi dugun larrialdi-egoera honek unibertsitate-jarduera berrantolatzera eraman gaitu ezinbestean. Berrantolaketa horrek ahalegin handia eskatu dio erakundeari berari eta baita ikasleei ere. Alabaina, egoera zail honetan, agerian geratu da, halaber, gure unibertsitatearen sendotasuna. Ardura osoz ari dira lanean errektoreordetzako arduradunak, irakasle-taldeak eta beste lankideak, alde batetik, ikasketa-planak eta irakaskuntza-metodologiak egokitu eta eraberritzen; eta, bestetik, ikerketa-lanarekin aurrera jarraitzeko, planifikatuta zeuden ikasketa-topaketak egin ahal izateko, ikasleen praktika bermatzeko edota atzerrian dauden ikasleak berriro etxera ekartzeko egin beharrekoak aurrera eramaten. Salbuespenezko egoerek, batzuetan, geure onenak erakutsi eta ematera bultzatzen gaituzte; EHU Edonondik ekimena dugu horren erakusle.
Baldintza zailetan egoerari aurre egin eta ohiko bizitzarekin jarraitzeko gai izateak erakundea osasuntsu dagoela eta egokitzeko gaitasuna ere baduela adierazten du, zalantzarik gabe. Baina egoera honek, erresilentziarako gaitasuna agerian jarri ez ezik, hazkunderako aukerak ere eskaintzen dizkio erakundeari. Are gehiago, dokumentu hau sinatzen dugunok zintzoki uste dugu egoera larri honetan UPV/EHUk gaitasun osoa eta baliabide egokiak dituela pandemia honek agerian utzi dituen gizarte-premietako batzuei erantzuteko. Alegia, gure ustez, ohiko jarduerei normaltasunez eustea ez da UPV/EHUk une honetan duen erronka bakarra. Agian, hausnartu ere egin beharko litzateke zein izan beharko lukeen unibertsitatearen eginkizuna larrialdi egoera honetan, eta zer ekarpen egin beharko lukeen inguruko gizarte-eragileekin eta horien asoziazio-egiturekin batera elkarlanean.
Gizarteari ekarpenak egiteko bide bat da ikerketarako funtsak pandemiari aurre egiteko proiektuetara bideratzea, berriki Unibertsitate Ministerioak egin duen moduan deialdiaren ildotik. Horrez gain, UPV/EHUk bere baliabide pertsonal eta materialak eskain diezazkioke gizarteari; horixe egin da, hain zuzen ere, diagnostikoan eta birologiako tekniketan adituak diren pertsonak eta erabiltzen dituzten laborategiak, osasun-agintarien eskura jarri direnean. Zalantzarik gabe, harro sentitu behar du gure unibertsitateak horregatik guztiagatik. Hala ere, beste bide batzuk ere jorra daitezkeela uste dugu. Izan ere, gure erakundea osatzen duten kolektiboek (ikasleak, irakasleak, administrazioko langileak) eta unibertsitateko ekosistema osatzen duten beste talde eta erakundeek laguntza paregabea eskaini diezaiekete pandemia honen ondorioak modu bortitzenean pairatzen ari diren pertsonei eta kolektiboei zein etorkizunean ere ondorio horiek pairatuko dituztenei, ekintza komunitarioetan lankidetzan lan eginez, besteak beste.
Askotariko ekintzak izan daitezke horiek. Fakultateei esku egon daiteke aztertzea zein izan daitezkeen ohiko lanaldiaren barruan larrialdi egoera honetan gizarte-mailako konpromisoa erakusteko ikastegi bakoitzean martxan jar daitezkeen ekimenak; era berean, ekimen horiek balioan jartzen egin dezakete lan. Izan ere, fakultateek bide egin diezaiekete irakasleek eta ikertzaileek ildo honetan, seguru, egiten ari diren gogoetei. Era berean, ikasleak bultza ditzakete gizarte-boluntariotzako ekintzetan parte har dezaten. Beste aukera bat izan daiteke Gradu Amaierako Lanak eta Master Amaierako Lanak pandemia honek (besteak batzuk albo batera utzi gabe, noski) nabarmen kaltetu eta kaltetuko dituen kolektiboen premiei erantzuteko bideen ikerketarantz bideratzea. Besteak beste, horiek guztiak bide egokiak izan daitezke, erakusteko zenbaterainokoa den UPV/EHUk honelako egoeretan duen erantzuteko gaitasuna. Horren bidez, gure unibertsitateak bere gizarte-konpromisoa berretsiko luke; ohiko jarduerak “normaltasunez” aurrera eramateko duen konpromisoaz harantzago berretsi ere.
Hegoaldeko herrialdeetan oso errotuta dago unibertsitateek komunitatearen zerbitzura egon behar dutelako ideia, eta, horrenbestez, unibertsitatearen berezko ezaugarri edo tradiziotzat jo daiteke gizarte-ekintzarako konpromisoa. Tradiziotik datorren konpromiso honi esker, unibertsitateak oso gogoeta baliagarriak egiten ditu, eta, horien bidez, eraldaketa ahalbidetzen duen markoa eratzen du, horrela, gizarte-eraldaketan ere eragiten du bera txertatuta dagoen ingurunean bederik. Logika horrek garamatza unibertsitate aktibo eta konprometitua aldarrikatzera. Paulo Freirek zioenaren ildotik, etengabe berrasmatu behar da mundua, eta eraldaketa horretan unibertsitateak gizarte-aldaketaren alde ez ezik, elkartasunaren globalizazioaren alde ere egin lezake luke lan.
Zentzu horretan, egungo errealitate larriak aukera zabalak eskaintzen ditu aldaketak eragiteko, eta batez ere, ikuspegi sozial eta sanitariotik egoera zaurgarrienean duden komunitateen alde lan egiteko. Seguru gaude UPV/EHU prest dagoela erroak dituen lurralde honetan bere onenak eskaintzeko. Horren erakusgarri argia izan daiteke lurraldeko beste eragileekin batera hausnarketa- eta ekintza-estrategia bateratuak ahalbidetzea, eta egoera larri honi aurre egiteko ekimenen koeraikuntza sustatzea.
Izan ere, une zail honek abagune ezin hobea eskaintzen digu unibertsitate-komunitatea osatzen dugun pertsona eta kolektibo guztien artean sare informalak ehuntzen joateko. Animatzen bazara, eta elkar ezagutzeari interesgarri baderitzozu, jarri gurekin harremanetan honako helbide elektronikoak erabilita:
Unibertsitate Kritikoa Sarea: uks@disroot.org
Hegoako Hezkuntza Taldea: hegoagasteiz@gmail.com
Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa: clinicajuridica.fac.derecho@ehu.eus